eta kitto!!! Aldizkarian elkarrizketa

Fecha: 04/11/2022

Reportaje publicado en la revista eta Kitto!

ETAKITTO-NATALY

Ekingune ekintzaileen elkarteak On Ekin sariak banatu zituen aurreko asteko eguenean eta Nataly Villenek
eskuratu zuen sari nagusia. Nataly Coach & Caballos da bere proiektua eta zaldiekin egiten den terapia
emozionala du oinarri. Publikoaren saria, ostera, Laoss Brand proiektuko Beatriz Mazok eta Lucia Gorostidik
eskuratu zuten. Bikoteak bitxiak egiten ditu surf-oholen erretxina berrerabiliz.

On Ekin sarien 10. edizioa izan da aurtengoa
eta, berezia izanik, Errebal Plazan egin zuten
sari banaketa. On Ekinek aurrera egin
dezaketen negozio-ideiak saritzen ditu eta
Nataly Villenek pozez hartu zuen lehen saria, pasioz
eginiko proiektua jarri baitu martxan Mallabian eta,
gainera, 2.000 euro jaso zituen.
Zertan datza Nataly Coach & Caballos proiektua?
Txikitatik ibili naiz zaldiekin eta oso hurbil sentitu ditut
beti. Asko lagundu didate bizitza guztian zehar, bai
pertsonalki bai emozionalki. Orain dela lau urte krisi
pertsonal handia eduki nuen eta, horren ondorioz,
hausnarketa egin nuen eta ikusi nuen coaching teknikek
asko lagundu ahal zidatela. Normalean jendea
psikologoarengana joaten da eta oso komenigarria da
hori, baina nik beste bide bat hartu nuen eta niretzat
lagungarria izan zitekeen masterra egiten hasi nintzen.
Horren bitartez jakin nahi nuen zer ari zitzaidan gertatzen
eta hori guztia kudeatzeko erremintak jaso ahal
nituela pentsatu nuen. Coachingak zuen potentziala
ikusita eta zaldiekin antzeko prozesuak bizi izan nituela
jakinda, arlo biak elkartu ahal zirela ikusi nuen.
Horrelako beste egitasmorik ezagutzen zenuen?
Badaude batzuk, baina ez asko. Ekitazio irakaslea
naiz eta ikusi nuen ekitazioaren bitartez, coachingaren
begirada edukita, jendeari laguntzeko zenbait
gauza egin ahal nituela. Hasieran ez nintzen gauzak
neure kabuz bakarrik egiten ausartzen. Beraz, beste
batzuekin elkarlanean hasi nintzen ikastaroak, formakuntza-
saioak eta horrelakoak antolatzen. Adibidez,
neurozientzia, coachinga eta zaldiak batzen dituen
Amerikako Estatu Batuetako jendearekin ibili naiz
elkarlanean.
Nolako zerbitzuak eskaintzen dituzu zehazki?
Alde batetik, ekitazio ekointegratiboa eskaintzen dut.
Hau da, ekitazio teknikak irakasteaz gain, zaldiekin
lan eginez harremanen arloa eta arlo mentala eta emozionala
lantzen ditugu. Horrela, animalia bizi batekin
kirola egiten duzu eta, harreman horretan sortzen
diren gauzak landuz, zeure burua gehiago ezagutzen
duzu, zure gaitasunak gehiago ezagutzen dituzu, zure mugak… Bestetik, banakako coachinga eskaintzen
dut, zaldiekin edo zaldi barik, online edo aurrez aurre.
Horren bitartez nahi duzuna landu daiteke. Adibidez,
helburu batzuk badituzu eta zerbaitengatik blokeatuta
bazaude, edo ez bazara gauzaren bat egitera ausartzen,
edo dena delakoa, hori landu egin daiteke. Horrez gain,
taldekako coachinga ere egin daiteke. Nire asmoa tailer
txikiak eskaintzea da, bai nik proposatutako gaiak
lantzeko, eta baita talderen batek landu nahi duen gai
jakin baten inguruan lan egiteko.
Mallabian duzue egoitza, ezta?
Bai, bertan dugu baserria. Bikotearen eta bion zaletasuna
da eta poliki-poliki zaldientzako tokia egiten hasi
ginen (korta batzuk, arezko pista bat, eta abar). Azkenean,
zaletasuna ogibide bihurtu da eta familia giroko
txoko bat sortu dugu azaldutako guztia eskaintzeko.
Zenbat zaldi dituzue?
Bost. Bakoitzak bere korta du, baina solte bizi dira.
Koadrilan bizi dira, bakarrik txarto bizi dira, eta, zentzu
horretan, gizakion antza dute. Orduan, zaldiak
psikologikoki sano daude. Izan ere, guk nahi duguna
eskaintzeko ez digute balio 24 orduz kortan sartuta
dauden zaldiak, ez dutelako guk landu nahi ditugun
gauzak lantzeko aukerarik ematen.
Zuretzat zer suposatzen du On Ekin saria jasotzeak?
Ez nuen espero! Azkeneko momentuan eman nuen
izena, probatzeagatik. Egia esan, ez bazara ausartzen,
ez dakizu zer gertatu daitekeen. Esperientzia polita
izan zen. Oso urduri egon nintzen hitzaldia ematen,
baina gero negar batean jaso nuen saria.
Zaldiak dira zure pasioa, baina nolako bidea jarraitu
behar izan duzu pasio negozio bihurtzeko?
Lehenik eta behin ausartu egin behar zara. Zaldiekin
egiten den coachinga nahiko gauza berria da, nahiz
eta gero eta gehiago entzuten den, baina zeure buruari
galdetzen diozu ea jendeak horrelako zerbait egitea
nahi izango duen. Beste eskola batzuetan lanean ibili
naizenez eta ezagutzen nautenez, bultzada eman
didate eta aurrera egin dut. Gero, zerbitzuak ondo
zehaztu behar dira, prezioak nola jarri, negozioa nola
ezberdindu… Horrek guztiak hausnarketa egitera
behartzen zaitu.

Más información sobre esta entrada: